XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I ATALA

FILOSOFI MOTA EZBERDINEZ

1. Filosofia morala, edo giza izaeraren zientzia, bi era ezberdinez trata daiteke.

Bietariko bakoitzak bere meritu berezia dauka, eta gizadiaren entretenigarri, ikaspide eta berritzaile izan daiteke.

Batak gizakumea batez ere ekintzarako sortutzat jotzen du.

Eta bere egintzetan dastamen eta sentimenaren eraginpean dagoen aldetik; objektu baten atzetik eta beste bati iheska, objektu horiek izan bide duten balioaren arabera, eta euren aurkezteko moduaren arabera.

Eta bertutea objektu guztietatik baliotsuena omen denez, filosofo-mota honek kolorerik atseginenez pintatu ohi du hura, poesia eta elokuentzia bide direla, euren gaia era xume eta argian azalduz, irudimenari laket izateko eta gure sentimenduei eragiteko erarik egokienean hain zuzen.

Eguneroko bizitzako kasurik eta behaketarik nabarienak hautematen dituzte; kontrako alderdiak dotore kontrastatzen dituzte; eta aintzaren eta zorionaren ikuspegiz bertutearen bideetara erakartzen gaituztelarik, gure urratsak bide horietatik zuzentzen dituzte, prezepturik bidezkoenez eta adibiderik ospetsuenez.

Bizioaren eta bertutearen arteko aldea sentiarazten digute; gure sentimenduak kinatzen eta arautzen dituzte; eta horrela ez daukate gure bihotzei prestutasunaren eta benetako ohorearen maitasunera eragitea besterik, euren ahalegin guztien xedea ustez atzeman dutelakoan.

2. Beste filosofo motak, ordea, gizakumea izaki aktibotzat baino gehiago arrazoimenduntzat jotzen du, eta haren jokabidea lantzen baino gehiago haren adimena hezten saiatzen da.